Gorputzeko atal guztiak sentitzeko balio izan zidan atzoko lasterketak. Proba hasi aurretik aitarekin bizikletako mendi-ibilbidea ikusi nuen. Lagungarria izan ohi da, baina atzokoan ikaratzeko ere izan zen. Areitio gaina eta Trabakua igo behar genituen, ezin ibilbide gogorragoa izango zen, eta korrika ere aldapa bat hiru aldiz igo behar.
16:00ak jo orduko, ahoa lehor daukat, egarri naiz, eta oraindik ez gara hasi ere egin. Luze joan dira minutuak irteera eman duten arte. Josean ere hor dago, taldekidea, buru-buruan, gaur dena ematera aterako da.
Berehala harrapatu nau atzetik zetorkidan neska batek. Korrika baino hobeto dabil bizikletan, eta Arbizun ezin izan nion eutsi. Bere gurpilari heldu eta pixkanaka postuak aurreratu ditugu. Zapatilak lotzen joan naiz lehen kilometroan, igoera polita daukagu, Mallabiraino, eta ondoren Zaldibarreraino beheraka. Mutil talde batek hartu gaitu, baina beherakoan aurrekoa mugitu egin da, eta galgari ematean bizikleta ezker-eskuin mugitu zait. Hankak dardarka geratu zaizkit, eroriko nintzela uste nuen, baina arnasa sakon hartu eta nola hala eutsi diot. Tripako minez nago, bazkaritan jandako makarroiak bueltaka ditut nonbait. Trabakua igotzen hasi gara, mutil askorekin goaz. Askok harrapatu gaituzte beherakoan baina Trabakuako saihesbideak laster jarri du nor bere lekuan. Indarrak gutxitzen doaz eta igoera luzea da. Halako batean, aita eta osaba ikusi ditut bide bazterrean, oihu egin diet, eta tripako minak nerbio bihurtu dira. Akuilua izan da, eta gogor ekin diot goraka. Zer den babes-talde ona eramatea!
Mutiletan Raf Baugh australiarrak irabazi zuen lasterketa, baina Josean Ruiz elgoibartarraren lana goraipatu nahi dut. 14. postuan sailkatu zen korrika, 17 minutu pasatxo behar izan zituen 5,3 kilometro egiteko, eta ondoren, bizikletako saioan ere 20. egin zuen, orduko 30 kilometroko batez bestekoa eginda gainera. 15. postuan sailkatu zen azkenean. Zorionak Josean!!!!!
Neskak (20 guztira):
- 1. Ainhoa Murua (1:10:23)
- 2. Cristina Alles (1:16:50)
- 3. Inma Ruiz (1:19:09)
- 4. Nerea Gambra (1:20:04)
- 5. Ainhoa Lendinez (1:20:06)
- 1. Raf Baugh (1:04:24)
- 2. Kepa Ruiz (1:04:53)
- 3. Ander Aguirre (1:05:34)
- 15. Josean Ruiz (1:09:23)
No hay comentarios:
Publicar un comentario