Ostiralean, gaueko 12etan atera ginen Gopegitik. 1500 zoro, argiak buruan jarrita. Aurretik 100 km gogor, 500 metroko desnibela, Euskal Herriko paraje ederrenetan barrena: Gorbea, Anboto eta Aizkorri. Banekien gogorra izango zela, baina ez nekien zer neukan zain.
Elgoibartik hainbat lagun atera ziren. Oraintxe amaitu det Piruren kronika irakurtzen. Zenbat sentimendu eta emozio. Nik neuk biziko banu bezala sentitu det bere kontakizuna, merezi du irakurtzea Pirukeriak.
Atera eta Gorbean gora zorabiatuta sentitu nintzen. Lagunek esaten zidaten frontala zela, gaua zela, nolabait ikusmena lausotzen duela, ez gaudelako ohituta gauez ibiltzen. Atzera begiratzeko esaten zidaten, argi zuriz segika geneukan sugeari begiratzeko. Zoragarria zen. Bidean jende mordoa animoak ematen, eta ni pozarren, baina kezkatuta. Gorbeatik behera sartu nuen lehen txokolate zatia ahora. Eta ohartu nintzen tripak ere ez nituela ondo. Zer gertatzen zait? Ubideara iritsi eta txaloak entzuten ziren. Zer da baina? jendea kalean animoak ematen. Sinestezina. Otxandiora iritsi eta hankak probatzeko korrika ere egin nuen. Ondo zeuden hankak. Orduan zergatik zorabioa? Beroak eraso zigun, inoiz ez bezela. Goizeko 6retan Urkiolara iritsi eta han amaitu ziren nere sufrimendua eta gozamena. Tentsioa lurretik neukan eta etxera itzuli behar. Ezin nuen sinetsi.
Lur jota egon nintzen iluntzera arte, baina pixkanaka jendearen animoekin buelta eman nion. Mendiak zer du baina jendea horrela elkartzeko? Zenbat elgoibartar eta kanpoko animoak ematen. Mila esker denoi. Eta bereziki zorionak amaitu zenuten guztiei: Jose, Piru, Modesto, Josu, Tomas, Jesus, Patxi, Fernando, Antton, Ioritz, Idiakez, Jon Peli, Edu, Iglesias, Gurutz, Aizpuru eta Julen. Onenak zerate!
118. Josu Mendikute (16:40)
387. Arkaitz Irureta (19:49)
388. Joseba Elustondo (19:49)
694. Tomas Arrieta (19:52)
414. Jesus Beristain (20:05)
443. Patxi Gomez (20:25)
451. Fernando Loiola (20:32)
521. Modesto Cid (21:08)
522. Antton Arizmendi (21:08)
584. Ioritz Conde (21:47)
585. Josu Idiakez (21:47)
755. Jon Peli (23:22)
756. Edu Uranga (23:22)
757. Jon Iglesias (23:22)
758. Gurutz Aizpurua (23:22)
Lagun handi batek aspaldi esan zidan Hiru Handiak berezia dela. Baina hain berezia izango zenik ez nuen uste. Hemendik bi urtera berriz egongo naiz Gopegin. Araiara iritsiko naizen ez dakit, baina aterako naizela seguru! Kirolean batzuetan irabazi eta besteetan galdu egiten da. Eta larunbatean, erretiratu arren, asko irabazi nuen, asko. Hiru Handiak, handietan handiena.