25 abr 2010

Amets bat beteta: Arbizuko duatloia

Lehen aldiz duatloi motz bat egin dut gaur, Arbizukoa: 8 kilometro korrika, 33 bizikletan eta beste 4 korrika. Egia esan, bart iritsi garenean, ikaragarri urduri jarri naiz, Sakanako herri zoragarri eta txiki horretan boxeetako eremuan hesiak ikusita. Bertan egin dugu lo, eta goizean hasi da festa. Maila handiko proba da Arbizuko duatloia, besteak beste, gogorra delako, baina batez ere, Nafarroako txapelketa jokatzen delako. Neska asko atzo Gernikako nazioartekoan izan ziren eta gaur 13 baino ez geunden izena emanda. Mutiletan, ordea, makina bat, beti bezala. Nesketan Radka Vodickova txekiarra atzo Gernikan bigarren izan ostean, gaur ere faborito argia zen.

Atera gara bada, eta 4 kilometroko ibilbide aldapatsuan beroa itogarri bihurtu da. Lehen itzulia nahiko erritmo gogorrean egin dugu eta beldurra ere izan dut amaituko ote nuen. Hankek, ordea, aurrera jo nahi zuten, eta berotu ahala gero eta hobeto sentitzen nintzen. 5. postuan edo sartu naiz boxeetara, lehen sektorea 31 minutu pasatxoan amaituta. Pozik beraz.

Bizikleta ziztuan hartzen dute aurrean joaten direnek, aise egiten dute trantsizioa, korrika sartu eta bizikleta airean hartuta ateratzen dira. Denek barratxoak eta gelak, nik, berriz, banana bat! Horixe lehen anekdota. Baina orain arte sprintetan baino ez naiz ibili, eta gaur ezinbestekoa izan da jatea. Bizikletan egurra eman nahi nuen, baina dena ez da norberak uste duen moduan ateratzen beti.
Orain Quebrantahuesos proba prestatzen ari gara eta bizikletan korrika baino hobeto nabilelakoan desiatzen nengoen txirrindari heltzeko. Ba hara, korrika atzetik etorri zaidan neska bati ezin heldu eta zangoak berotzea ikaragarri kosta zait.


Hala ere, pare bat neska aurreratu eta 4. nindoan, pozik! Paraje zoragarria, baina malda eta haizea geneuzkan aurka eta tartean 2 kilometro inguruko mendate bat bi aldiz igo behar. Eta orduan hasi da borroka. Epaile batek drafting-a egin dudalakoan 2 minutuko isuna jarri dit. Ezin nuen sinetsi. Arbizun lehen bira egin dugunean, aldapa batean 5-6 korrikalari elkartu gara eta zer egin behar genuen? Frenoari eman? hori ez da nire uste apalean gurpilari segika joatea, baina tira, 2 minutuz geldirik egon behar izan dut zigor-eremuan. Hura eromena! epaileei zenbat falta da? atera naiteke? eta orduan joan zaizkit bi neska aurrean! Odola sutan nabaritu dut! 2 minutu amaigabeak igarota, epailea atzetik berriz: aizu neska, bizikletan motorra daramazula dirudi! adarra jotzen gainera!!!! Ikaragarri beldurtuta nindoan, korrika egin beharreko azken 4 kilometroetan pott egingo nuelakoan baina galdutako 2 minutuak nola edo hala berreskuratu nahi nituen.


Boxeetan berriz ere sartu, eta postuari eusten saiatu naiz. Hasieran gogorra izan da, baina oinak lurrean jarrita, uste baino hobeto ibili naiz korrika. Azkenean 6. postuan sartu naiz, eta pozik benetan. Lehen duatloi motza alajaina! Mikel Calvo Urgaziko kide plaentxiarra ere izan da proban, eta gogorra izan dela esan dit.



POSTUA 1.ZATIA 2.ZATIA 3.ZATIA GUZTIRA NOMBRE APELLIDOS
1 0:29:36 1:10:12 0:16:25 1:56:13 RADKA VODICKOVA
2 0:30:02 1:12:25 0:15:33 1:58:00 EVA MARÍA BUSTO VILLOSLADA
3 0:31:56 1:09:19 0:16:51 1:58:06 LEIRE ETXEZARRETA AIERTZA
4 0:31:05 1:12:42 0:16:42 2:00:29 NEREA GAMBRA LOPEZ
5 0:32:17 1:11:02 0:18:38 2:01:57 YOLANDA MAGALLÓN VALLEJO
6 0:31:48 1:13:27 0:16:55 2:02:10 AINHOA LENDINEZ GARATE
7 0:34:35 1:10:44 0:17:07 2:02:26 161 GURUTZE ALTUNA MADINA
8 0:32:48 1:12:25 0:17:26 2:02:39 172 ANA MONREAL VIDAL
9 0:33:21 1:15:44 0:16:51 2:05:56 164 VERONICA DOMINGUEZ VILLAZALA
10 0:31:42 1:18:09 0:16:48 2:06:39 162 NAROA ARRIETA BELTRAN
11 0:32:19 1:17:14 0:17:17 2:06:50 171 CYNTHIA MARTÍNEZ IBERO
12 0:34:10 1:25:53 0:18:01 2:18:04 167 LAURA GARCIA MEJUTO


Beti bezala, nere Josuri eman behar dizkiot nik eskerrak. Sakanako paraje zoragarrian bere bila ibili bainaiz gaur ere, nere urduritasunean lasaitasuna ematen baitit, korrika eta bizikletan!


Sailkapen osoa

Aloñako igoera

Aloñako igoera, mendi-lasterketa gogorra jokatu da gaur. Tradizio handiko proba da hau, Goierriko bailaran ez ezik, Euskal Herria osoan arrakasta duena. 15, 5 kilometroko ibilbidea, 2.200 metroko desnibela eta bero sargoria! 246 lagunek amaitu dute proba eta Walter Becerra sestaoarra (1:14:00) eta Nerea Amilibia aiarra (1:29:59) izan dira garaile. Elgoibartik lau lagun ibili dira, eta Iñigo Lariz eta David Conde lehen 21 postuetan sartu dira gainera. Zorionak lauroi!

19. Iñigo Lariz (1:24.49)
21. David Conde (1:25:59)
46. Aitor Osoro (1:30:52)
125. Josu Mendikute (1:39:18)


Sailkapen osoa

24 abr 2010

Zumaiako lasterketa

Atzo, apirilak 24, Zumaiako lasterketa herrikoia jokatu zen. 10 kilometroko lasterketa hau otsailean zen jokatzekoa baina ziklogenesiaren astebururako programatu zutenez atzeratu egin zuten. 432 lagun elkartu ziren eta Ainhoa Murua triatleta zarauztarra (35:57) eta Hicham Elamrani (30:57) izan ziren azkarrenak. 4 elgoibartar izan ziren tartean.

182. Zigor Egia (44:40)
271. Pilar Arriola (48:26)
300. Mari Carmen Isasti (49:04)
314. Mikel Kortabitarte (49:59)


Sailkapen osoa

Gernikako nazioarteko triatloia

Aurten ere, duatleta onenak Gernikan bildu ziren atzo, apirilak 24. Sprint luzerako duatloi honetan (5-25-2,5) 36 neska eta 300 mutil lehiatu ziren. Faborito asko zeuden arren, nesketan Radka Vodickova txekiarra zen guztien faborito, besteak beste, azken urteetan aise nagusitu delako Gernikan, eta munduko onenetakoa delako. Hala ere, Alexandra Louisionek aurrea hartu zion eta 26 segundoren aldez bigarren egin zuen Vodickovak. Gizonezkoetan lehia estua izan zen benetan, eta azkenean Bart Aernoust izan zen garaile. Aurten ez dugu Urgaziko ordezkaririk izan.

Gizonezkoen podiuma:

1. Bart Aernoust (1:02:22)
2. Victor del Corral (1:02:24)
3. Dan¡niel Greenn (1:02:59)

Emakumezkoen podiuma:

1. Alexandra Louison (1:17:04)
2. Radka Vodickova (1:17:30)
3. Inmaculada Pereiro (1:18:08)

Sailkapen osoa

18 abr 2010

Debako bira

Gaur, apirilak 18, Debako bira lasterketa zikloturista izan da Debabarrenean. 700 lagun elkartu gara ia, 110 eta 155 kilometroko bi ibilbideak egiteko.


Elgoibartik hainbat lagun izan gara, giro paregabean egia esan. Nik neuk familiako eta lagunei eman behar dizkiet eskerrak, ikaragarri lagundu didatelako. Eta nere koinatua bereziki zoriondu nahi dut, korrikalari petoa izanagatik, burugogor izatea kirol ia guztietarako baliagarria dela erakutsi baitit gaur. Aupa Iñi!

Duatloi gogorrena

Euskadiko zirkuituko proba gogorrena jokatu zen atzo, larunbata, apirilak 17: Arrigorriagako duatloi luzea. 12 km korrika, 75 km bizikletan eta azkenik beste 12 km korrika. 136 mutil eta 5 neska lehiatu ziren guztira. Patxi Vila eta Inmaculada Ruiz izan ziren garaile.

Lasterketa gogor honetan, lau elgoibartar izan ziren, laurak Urgaziko kideak. Jose Antonio Ruiz eta Javi Fernandez oso ongi moldatu ziren, Mikel Calvok, berriz, ezin izan zuen azken sektorea osatu. Martin Dominguez ere izan zen lasterketan baina ez zuen proba amaitu. Horrez gain, 2010. urteko Euskadiko distantzia luzeko duatloi Txapelketa jokatu zen eta Inmaculada Ruiz eta Alex Agirretxe Elgoibarren bizi izan den errenteriarra izan ziren Euskadiko txapeldunak.



Mutilak:

  • 1. Patxi Vila (3:28:06)
  • 36. Jose Antonio Ruiz (4:02:52)
  • 135. Javi Fernandez (5:00:38)


Neskak:
  • 1. Inmaculada Ruiz (4:24:43)
  • 2. Nerea Gambra (4:29:13)
  • 3. Miren Casado (4:37:23)


Sailkapen osoa

17 abr 2010

Zorionak, Unai!

Unai Narbaizak Mauritaniari laguntzeko maratoi erdia irabazi berri du, joan den astean, San Adrianen. 120 lasterkari bildu ziren eta Unaik 1:16:00 denbora bikainarekin lortu zuen garaipena. 21,9 kilometroko lasterketa gogorra izan zen. Zorionak, Unai!

12 abr 2010

Ibon Gabilondo, Kalifornian lehian

Ibon Gabilondo Urgaziko triatleta San Diegon dago lanean, Kalifornian. Hori, ordea, ez da oztopo gehien bere zaletasun handienari eusteko eta triatloi olinpiko bat (1.500-40-10) egin berri du. Draftingik gabeko lasterketa izan zen, hau da, korrikalariek ezin zioten bizikletan elkarri jarraitu. 717 lagunek hartu zuten parte eta 33 errelebo izan ziren guztira. Izan ere, irteera zatika eman zieten: Elite mailakoak lehenengo, 5 minutura 18-24 adin tartekoak, 5 minutura 25-29 tartekoak.... Eta Ibon 30-34 taldekoekin irten zen.

Arlo horretan, nahiko lasterketa konplikatua zela esan digu Ibonek, ia karrera osoan aurretik ateratakoak aurreratzen joan behar izan zuelako. Badia batean egin zuten igeri, eta bizikletako tartea oso laua izan omen da, zirkuitu bati 2 buelta emanez. Hala ere, draftingik ezin egin zezaketenez, amaierarako indarrak gordetzea zen gakoa. Ibonek esan digu nahiko gustura aritu dela triatloi osoan, baina proba norberaren ahalmenen kontrakoa zela, ezinezkoa zelako ia zein postutan zihoazen jakitea. Ibonek dio oraindik ez dagoela sasoi bete-betean baina bere adin taldean lehen postuan sartu zen helmugan! http://www.y-events.com/10superseal.htm

Gainerakoan, maila handiko proba izan da, eta mundu mailan punta-puntan dabilen Michi Weiss suitzarrak irabazi zuen triatloia. Ondoren, triatleta profesionalak zeuden. Kalifornian oso hedatuta dago triatloia eta jende askok egiten du, baita sasoi betean ez daudenek ere. Gainera eguraldia primerakoa da urte osoan eta horrek asko laguntzen du. Lasterketak oso herrikoiak dira, eta Euskal Herriarekin alderatuta, adineko gehiago eta neska mordoa biltzen dira lasterketetan. Korritzeko erari buruz, Ibonek esan digu draftinga onarturik ez dagoenez, bizikletari eta oro har materialari aparteko garrantzia ematen diete. Hurrengo lasterketa gogorragoa da eta luzeagoa izango omen da, eta noski, horren berri ere emango digu. Zorionak Ibon!