Atzo, maiatzak 8, Ermuko I. duatloia izan zen, sprint luzerakoa (5,3-23-2,5). Asteazkenean nahiko lasai nengoen, 8 neskak eman genuen izena eta kirioak ez nituen dantzan. Iritsi da ostirala, ordea, eta 20 neska gaude zerrendan, Ainhoa Murua zarauztar olinpikoa eta Cristina Alles kantabriarra tartean. Bi lasterketa izango zirela argi neukan, eta orduan bai, orduan nerbioak dantzan hasi ziren. Halakoetan, lasterketak berak herrikoi izateari uzten dio, eta olinpiko eta profesionalak batetik eta herrikoiok bestetik aritzen gara.
Gorputzeko atal guztiak sentitzeko balio izan zidan atzoko lasterketak. Proba hasi aurretik aitarekin bizikletako mendi-ibilbidea ikusi nuen. Lagungarria izan ohi da, baina atzokoan ikaratzeko ere izan zen. Areitio gaina eta Trabakua igo behar genituen, ezin ibilbide gogorragoa izango zen, eta korrika ere aldapa bat hiru aldiz igo behar.
16:00ak jo orduko, ahoa lehor daukat, egarri naiz, eta oraindik ez gara hasi ere egin. Luze joan dira minutuak irteera eman duten arte. Josean ere hor dago, taldekidea, buru-buruan, gaur dena ematera aterako da.
Korrika bi itzuli egin ditugu, eta begiz jota nituen neskei eustea lortu dut, baina ibilbideko aldapak min eman du, eta lasterketa asko sakabanatu da. Egarri naiz, oso egarri, baina bat-batean osaba eta izeba ikusi ditut, lehengusina ere bai, eta haien animoek ziztuan eraman naute aurrera. 8. sartu naiz boxeetan, ondo noa, baina Arbizukoa etorri zait gogora. Normalean bizikletatik korrikarakoa izaten da zailena, baina Arbizun niri korrikako lehen saiotik bizikletarakoa egin zitzaidan bereziki gogorra, hankak berotzea kosta egin zitzaidan.
Berehala harrapatu nau atzetik zetorkidan neska batek. Korrika baino hobeto dabil bizikletan, eta Arbizun ezin izan nion eutsi. Bere gurpilari heldu eta pixkanaka postuak aurreratu ditugu. Zapatilak lotzen joan naiz lehen kilometroan, igoera polita daukagu, Mallabiraino, eta ondoren Zaldibarreraino beheraka. Mutil talde batek hartu gaitu, baina beherakoan aurrekoa mugitu egin da, eta galgari ematean bizikleta ezker-eskuin mugitu zait. Hankak dardarka geratu zaizkit, eroriko nintzela uste nuen, baina arnasa sakon hartu eta nola hala eutsi diot. Tripako minez nago, bazkaritan jandako makarroiak bueltaka ditut nonbait. Trabakua igotzen hasi gara, mutil askorekin goaz. Askok harrapatu gaituzte beherakoan baina Trabakuako saihesbideak laster jarri du nor bere lekuan. Indarrak gutxitzen doaz eta igoera luzea da. Halako batean, aita eta osaba ikusi ditut bide bazterrean, oihu egin diet, eta tripako minak nerbio bihurtu dira. Akuilua izan da, eta gogor ekin diot goraka. Zer den babes-talde ona eramatea!
Gogorra izan da bizikletako saioa, Mallabitik behera kontuz jaitsi gara eta berriro gara boxeetan. Hiru neska goaz elkarrekin, eta epaileak kaskoa lotzeko esan dit, behar baino lehenago askatu dut nonbait. Atera gara korrika, eta lehen urratsak egin orduko megafoniatik entzun dugu Ainhoa Murua helmugaratzen ari dela. Aldaparen beldur naiz, atzean geratu da nesketako bat eta bi goaz 4. eta 5. postuen lehian. 300 metro falta direla, ama, ahizpa, izeba eta lehengusina ikusi ditut, 4. postua eskura daukat, eta sakatu egin diot. Baina helmugako alfonbra gorria zapaldu dudanean atzetik zetorkidanak erasoa jo dit, eta hor gelditu naiz, ezinean eta 4. postuari begira. 5. azkenean, eta egia esan, nekatuta, baina pozarren!
Mutiletan Raf Baugh australiarrak irabazi zuen lasterketa, baina Josean Ruiz elgoibartarraren lana goraipatu nahi dut. 14. postuan sailkatu zen korrika, 17 minutu pasatxo behar izan zituen 5,3 kilometro egiteko, eta ondoren, bizikletako saioan ere 20. egin zuen, orduko 30 kilometroko batez bestekoa eginda gainera. 15. postuan sailkatu zen azkenean. Zorionak Josean!!!!!
Neskak (20 guztira):
- 1. Ainhoa Murua (1:10:23)
- 2. Cristina Alles (1:16:50)
- 3. Inma Ruiz (1:19:09)
- 4. Nerea Gambra (1:20:04)
- 5. Ainhoa Lendinez (1:20:06)
- 1. Raf Baugh (1:04:24)
- 2. Kepa Ruiz (1:04:53)
- 3. Ander Aguirre (1:05:34)
- 15. Josean Ruiz (1:09:23)
No hay comentarios:
Publicar un comentario