31 may 2010

Debako triatloia, negarrez


Atzo, maiatzak 30, Debako triatloia izan zen, sprina (750-26-5). 33 neskak eta 281 mutilek amaitu genuen proba. Egoitz Zalakain (1:13:13) eta Estefania Gomez (1:24:36) izan ziren azkarrenak. Tartean izan ginen Elgoibarko lau mutil eta ni neu.



Mutilak (281 guztira):
  • 90. Ruben Lopez (1:24:47)
  • 104. Javi Fernandez (1:25:49)
  • 271. Mikel Etxabe (1:49:05)
  • 272. Goiatz Leibar (1:49:05)

Sailkapen osoa

Neskak (33 guztira):
  • 14. Ainhoa Lendinez (1:36:37)

Sailkapen osoa

Aurten ez dut igeri egin, eta kaka eginda joan nintzen, baina ilusioz ere bai, bizikletan ahal nuen guztia aurreratzeko. 12. postuan atera nintzen uretatik, aita eta ama hondartzan nituen, eta haiek eman zidaten uneoro besteen berri. Itziarren gora hasi eta Javirekin egin nuen bat, Urgaziko kidea eta lagun mina. Gogor ekin genion mendateari, bat, bi, hiru, lau...neska askori hartu genien aurrea. Irati Etxaburu lehengo urteko garailea bera ere aurreratu nuen eta ikaratu ere egin nintzen, ez al dut ba pott egingo!!! Maider Vallina lehenengoetakoa ateratzen da uretatik, eta Itziarrera iristen hartu nion aurrea. Itzel nindoan, aita motoan zihoan ondoan, eta babes handia zen niretzat. Beheraka hasi, ordea, eta bizikleta dantzan hasi zen. Ezin nuen sinetsi, ez nuen ikusi nahi, gurpila zulatu nuen!!!!! Ametsgaiztoa egia bihurtuta. Negarrez. Puzgailu eske, eta nerbioiak tarteko, kosta zitzaigun ohartzea guk geuk bageneukala gurea. 10 minutu galdu genituen, baina aitak animatuta amaitu nuen proba, animoak ematen ari zirenengatik. Inoiz ez dut horren gertu sentitu podiuma, 3. postuan nindoan gurpila zulatu nuenean. Badakit askoz ere okerragoa izan zitekeela, eroriz gero, esaterako. Baina Debako triatloia etxean lehiatzea zen, eta entrenamenduen sari ezin hobea izango zen. podiumera igotzea Hala ere, eskerrik asko denoi, familiakoak, kuadrilakoak, lagunak, Urgazikoak, elgoibartarrak! Hurrengoan ere dena ematera aterako gara.

2 comentarios:

  1. Elgoibartar modura eta kanpotik ikusita, komentario bat egin nahi nuke Urgaziri bere blogari buruz. Nire ustez, blogak meritu handia dauka hainbat informazio ematen baitu elgoibartarrak egiten dituzten lasterketei buruz, eta Urgazikoei buruz konkretuki. Ez dudana ondo ikusten da, Urgaziko bloga izanda, kudeatzaileak duen protagonismoa artikuluak idazteko orduan, teorikoki denok pisu berdina eduki beharko lukete eta ez da horrela, hortarako blog pertsonalak daude.

    ResponderEliminar
  2. Orain ohartu naiz ohar hau geneukala blogean. Ba bai, arrazoi osoa duzu! Baina ez da kudeatzaileak bere karrerei protagonismo handiagoa eman nahi diela, horretarako badu-ta, bere blog propioa. Kontua da, informazioa tantaka jasotzen dugula, eta orduan, besteen sentsazioak eta bestelakoak idaztea zaila dela. Horregatik, Urgazitik beti eskatu diegu elgoibartar kirolari guztiei, oharrak eta bestelako iritziak bidaltzeko, artikuluak osatze aldera. Zuri ere, eskerrik asko iruzkinarengatik!

    ResponderEliminar