10 jun 2013

Zarauzko triatloia

Gasteizen, Bilbon, Getxon eta beste hainbat lekutan gero eta proba on eta gogorragoak antolatu arren, Zarauzko triatloia da Euskal Herriko triatloi entzutetsu eta arrakastatsuena. Urteetako historia, nazioartean oihartzuna eta triatleta askoren ametsa. Aurtengo proba baina, ez dute berehala ahaztuko Zarauzko triatloiaren historian.

Itsasoko ura hotzegi zegoelako batetik, eta marmoka izurrite ikaragarria zabaldu delako bestetik, triatloia duatloi bihurtu da aurten. Askorentzat pena izan da, beste batzuentzat lagungarri. Nolanahi ere, Zarauzko triatloia urtero da gogorra, eta aurten areago.

Igeriketa saioa kenduta, triatletetek 9 km korrika, 82 km bizikletan eta beste 14 km egin zituzten korrika. Bizikletako saio gogorraren ondotik, askok gogotik ordaindu zituzten korrika egin beharreko azken kilometroak. Gogorra benetan.







Gizonezkoetan euskaldunek osatu dute podiuma aurten. Eneko Llanosek ez du hutsik egin, eta aise nagusitu zaie gainerakoei. Baina denboraldi osoan bezalaxe, Aimar Agirresaroberen eta Mikel Elgezabalen artean lehia polita izan da. Azkenean, eta alde txikiarekin baina Agirresarobe bigarren.

Nesketan aparta izan da lasterketa. Korrikako lehen zatian Radka Vodikova txekiarra Catriona Morrison eskoziarraren erritmoari eusten saiatu da baina bizikletan amore eman behar izan du. Morrisonek turboa sartu du, eta ia 20 minutuko aldea atera dio bigarren trantsizioan. Ikusgarria. Korrikako azken saioa ere bakarrik egin du eta helmugan 5 minutuko abantailarekin sartu da irabazlea.

Euskaldun asko ibili dira oso ondo, duatloia izanik korrikalarientzat aproposa izan baita aurtengoa. Elgoibartik 4 lagun izan dira Zarautzen, horietako 3 Urgaziko kideak. Ibon Gabilondok elgoibartarren marka guztiak onduta 30. postua helmugaratzea lortu du. Zorionak! Iñaki Iraola eta Javi Fernandez ere oso fin ibili dira. Iñaki Kondek ezin izan du proba amaitu baina honek eskarmentu handia du Zarautzen eta ziur hartutako erabakia ondo hartu zuela. Zorionak guztioi!

Ibon Gabilondo:
Lanzaroten korritu eta gero, hala moduzko entrenamenduak egin ditut, errekuperatzeko besterik ez. Gainera apenas egin dut korrika, eta are gutxiago duatloi batek exijitzen duen intentsitatearekin.
Horregatik, Zarauzko igeriketa-saioaren ordez korrika saio bat jarriko zutela ikustean (probaren xarma kentzeaz aparte) banekien nire errendimendurako erabaki txarra zela.

Hori guztia pentsatuz irten ginen duatloian. Hasierako korrika saioa azkarra izan zen, duatloietan izan ohi den moduan, eta nik pattal samar topatu nituen hankak. Euria gogotik hasi zuen bizikletako saioan. Eguraldiak asko baldintzatu zuen proba, eta ikusle gutxiago ere antzematen zen Zarautzen. Lehenengo aldapekin batera erritmoa hartzen joan nintzen, erritmoa aurkitzen. Bizikletan pasatu nituen lasterketako momentu onenak, eta euria gogotik egin arren, gustura ibili nintzen. Motz egin zitzaizkidan 82 kilometroak. Azken korrika saioaren hasiera ere gogorra suertatu zen, muskuluek ur asko hartu zuten eta hori asko igartzen zen egin beharreko esfortzuan, batez ere hasieran. Hankak pixka bat berotu eta gero, hobeto joan ziren gauzak.

Ez zen izan guk nahi genuen proba, baina hala ere gustura amaitu genuen.

EMAKUMEZKOAK:
1CATRIONA MORRISON INDEPENDIENTE 4:09:16
2RADKA VODICKOVA A300W ELCHE T.C. 4:16:30
3ESTEFANIA GÓMEZ VILLANUEVA INDEPENDIENTE 4:32:24
4INMA PEREIRO SVC- SEGURIDAD 4:34:28
5EVA LEDESMA CALVET WILD WOLF CIDADE DE LUGO F 4:35:16
6MARIA MENDIVE INDEPENDIENTE 4:43:28
7MARTA GALLART PEÑALVA A300W ELCHE T.C. 4:43:36
8NEREA ETXEBERRIA LIZASO EUSKOMAN TRIATLOI TALDEA 4:46:21
9MONICA PELLEJERO GACIA C.N. MATARO 5:02:43
10GEMA HERNANDEZ ANDOAIN K0 TRIATLOI TALDEA 5:04:49

GIZONEZKOAK:
1ENEKO LLANOS BURGUERA SVC- SEGURIDAD 3:42:50
2AIMAR AGIRRESAROBE LIZARRA TOLOSALDEKO T.T. 3:48:24
3MIKEL ELGEZABAL FERNÁNDEZ INDEPENDIENTE 3:48:40
4JAVIER DE MIGUEL BENEDITED SALTOKI TRIKIDEAK 3:49:16
5 JOSÉ MANUEL DEL REAL VELASCO CLUB TRIATLON IMD SEGOVIA 3:50:13
6BEÑAT ARNAIZ URIBARREN ANTXINTXIKA TRIATLOI TALDEA 3:55:54
7GUILLAUME DUCASSE MARVILLE TRIATHLON 55 3:56:41
8ROGER SERRANO INDEPENDIENTE 3:58:24
9EMILIO SUÁREZ PÉREZ SALTOKI TRIKIDEAK 3:59:36
10MIKEL OTAEGI IRASTORZA SALTOKI TRIKIDEAK 3:59:37
30IBON GABILONDO 4:09:10
155IÑAKI IRAOLA 4:33:22
265JAVI FERNANDEZ 4:50:23


Arkaitz Iruretak bideotxo hau grabatu du. Eskerrik asko P3! Aurki ikusiko dugu bera ere korrika, bizikletan eta igerian. Seguru!










No hay comentarios:

Publicar un comentario