16 may 2011

Ecotrimad

Ibon Gabilondo Urgaziko kideak Ecotrimad triatloian hartu zuen parte larunbatean, maiatzak 14. Madrilgo probintziako Buitrago de Lozoya herrian izan zen proba. Uztailean Gasteizen izango den Distantzia Ertaineko Espainiako txapelketarako (beste bi sailkapenak Bartzelona eta Asturias-en dira) sailkatze-proba bat izan da Ecotrimad.

Orotara 500dik gora triatleta bildu ziren eta distantzia hauek egin zituzten: 1900 metro igerian, Riosequilloko lakuan; 76 km bizikletan, drafting gabe eta ibilbide gorabeheratsuan; eta azkenik, 21 km korrika, hareazko pista malkartsu batzuetan.

Irteera, triatleta bakoitzaren taldearen arabera ematen zen, zenbait minututako tartearekin batetik bestera. Goizean goizetik oso eguraldi ona izan zen, baina bizikletako zatian zehar sekulako ekaitza izan zuten triatletek. Zerua erabat ilundu zen eta txingorra eta ere bota zuen. Lasterketa paraje ederretatik pasatzen zen baina eguraldia nola aldrebestu zen ikusita, ez zuten parajeari begiratzeko tarte handirik izan. Euskal Herriko triatleta asko bildu zirela esan digu Ibonek, baita Madril, Andaluzia eta Espainiako beste hainbat lekutatik joandakoak ere.


Ibonek esan digunez, gustura geratu zen egindako lanarekin. Bere taldean (30-34 mutilak) 112 partaide ziren eta 4. sartu zen helmugara. Sailkapen orokorrean, berriz, 16. izan zen. 4 ordu eta 15 min (27 + 2 h 17 min + 1 h 28 min) behar izan zituen proba amaitzeko. Egindako lan onaren saria ezin hobea izango da Ibonentzat, uztailean Gasteizen jokatuko den distantzia ertaineko txapelketan eta Ibizan urrian korrituko den distantzia luzeko txapelketan parte hartuko baitu elgoibartarrak bere adin-tartean. Horren aurretik, ordea, Euskadiko zirkuituko proba nagusian ikusiko dugu Ibon, Zarauzko triatloi handian, ekainaren 11n.

Zorionak Ibon! Eta segi horrela hurrengo probetan ere!

Irabazleak:

  • Marcel Zamora: 3 h 50 min (24 min + 2 h 04 min + 1 h20 min)
  • Ana Burgos: 4 h 31 min (27 min + 2 h 33 min + 1 h 28 min)

Informazio gehiago: www.ecotrimad.com

Edo www.triatlon.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario