13 jun 2010

Zarauzko triatloi handia





































































Atzo, ekainak 12, Zarauzko triatloi handia jokatu zen. Olinpiko bikoitza, 2,5 km igerian, 82 km bizikletan eta 20 km korrika. Giroa beti bezala aparta, eguraldiak dexente eutsi zion, eta partaide guztiak neska-mutil gogorrak.
32 emakumek eta 417 gizonezkok amaitu zuten proba, eta maila handiko lasterkariak izan ziren tartean. Eneko Llanosek ez zuen huts egin, eta igerian bosgarren postuan atera zen arren, bizikletan laster berreskuratu zuen lasterketa burua. Matias Hetchek egurra eman zuen, lehia bizia izan zen lehenengo Enekorekin eta lasterketa iraultzeko zorian ere egon zen. Azkenean, ordea, korrika makalago ibili zen. Mikel Elgezabal 20. izan zen igerian baina txirrindulari ohiak postu asko aurreratu zituen bizikletan eta bigarren ere izan zen zenbaitetan, baina azkenean 3. postuan helmugaratu zen. Clemente Alonsoren lasterketa ere bikaina izan zen, korrika batez ere, ikaragarri aritu baitzen. Azkenean, Eneko, Alonso eta Elgezabal izan ziren Zarauzko podiumean.
  1. Eneko Llanos (3:58:14)
  2. Clemente Alonso (3:58:43)
  3. Mikel Elgezabal (3:59:43)
Sailkapen osoa

Nesketan, euskal ordezkari ezagun asko izan ziren baina profesionalik ez. Ana Casares, Ainhoa Murua eta Virginia Berasategi ez ziren lasterketan izan eta oraingoan kanpotarrek oso-osorik eraman zuten lasterketa. Itsaso Leunda izan zen lehen euskalduna.
  1. Cat Morrison (4:18:25)
  2. Leanda Cave (4:19:07)
  3. Mirinda Carfrae (4:22:33)
Sailkapen osoa

Elgoibartik Ibon Gabilondo izan genuen, Urgaziko kidea. Esana zuen Ibonek aurten ez duela orain dela hiru bat urte bezain ondo prestatu Zarauzko proba baina hala ere oso ondo ibili zen Ibon: 41:53 minutuan egin zuen igeri; bizikletan 32,52 km/h-ko batez bestekoa egin zuen eta 82 kilometroak egiteko 2 ordu eta 31 minutu behar izan zituen; azkenik, korrikako saioa 1:27an egin zuen. Bikain, 90. postuan helmugaratu zen Ibon.
  • 90. Ibon Gabilondo (4:40:30)
Sufrimendu eta poz aurpegia ezkutatu ezinik helmugaratu ziren denak, eta ikusleok urtero bezala, inbidia sanoa izan genuen, nerbioak dantzan eta oilo-larrua. Zorionak denoi!

No hay comentarios:

Publicar un comentario