25 abr 2010

Amets bat beteta: Arbizuko duatloia

Lehen aldiz duatloi motz bat egin dut gaur, Arbizukoa: 8 kilometro korrika, 33 bizikletan eta beste 4 korrika. Egia esan, bart iritsi garenean, ikaragarri urduri jarri naiz, Sakanako herri zoragarri eta txiki horretan boxeetako eremuan hesiak ikusita. Bertan egin dugu lo, eta goizean hasi da festa. Maila handiko proba da Arbizuko duatloia, besteak beste, gogorra delako, baina batez ere, Nafarroako txapelketa jokatzen delako. Neska asko atzo Gernikako nazioartekoan izan ziren eta gaur 13 baino ez geunden izena emanda. Mutiletan, ordea, makina bat, beti bezala. Nesketan Radka Vodickova txekiarra atzo Gernikan bigarren izan ostean, gaur ere faborito argia zen.

Atera gara bada, eta 4 kilometroko ibilbide aldapatsuan beroa itogarri bihurtu da. Lehen itzulia nahiko erritmo gogorrean egin dugu eta beldurra ere izan dut amaituko ote nuen. Hankek, ordea, aurrera jo nahi zuten, eta berotu ahala gero eta hobeto sentitzen nintzen. 5. postuan edo sartu naiz boxeetara, lehen sektorea 31 minutu pasatxoan amaituta. Pozik beraz.

Bizikleta ziztuan hartzen dute aurrean joaten direnek, aise egiten dute trantsizioa, korrika sartu eta bizikleta airean hartuta ateratzen dira. Denek barratxoak eta gelak, nik, berriz, banana bat! Horixe lehen anekdota. Baina orain arte sprintetan baino ez naiz ibili, eta gaur ezinbestekoa izan da jatea. Bizikletan egurra eman nahi nuen, baina dena ez da norberak uste duen moduan ateratzen beti.
Orain Quebrantahuesos proba prestatzen ari gara eta bizikletan korrika baino hobeto nabilelakoan desiatzen nengoen txirrindari heltzeko. Ba hara, korrika atzetik etorri zaidan neska bati ezin heldu eta zangoak berotzea ikaragarri kosta zait.


Hala ere, pare bat neska aurreratu eta 4. nindoan, pozik! Paraje zoragarria, baina malda eta haizea geneuzkan aurka eta tartean 2 kilometro inguruko mendate bat bi aldiz igo behar. Eta orduan hasi da borroka. Epaile batek drafting-a egin dudalakoan 2 minutuko isuna jarri dit. Ezin nuen sinetsi. Arbizun lehen bira egin dugunean, aldapa batean 5-6 korrikalari elkartu gara eta zer egin behar genuen? Frenoari eman? hori ez da nire uste apalean gurpilari segika joatea, baina tira, 2 minutuz geldirik egon behar izan dut zigor-eremuan. Hura eromena! epaileei zenbat falta da? atera naiteke? eta orduan joan zaizkit bi neska aurrean! Odola sutan nabaritu dut! 2 minutu amaigabeak igarota, epailea atzetik berriz: aizu neska, bizikletan motorra daramazula dirudi! adarra jotzen gainera!!!! Ikaragarri beldurtuta nindoan, korrika egin beharreko azken 4 kilometroetan pott egingo nuelakoan baina galdutako 2 minutuak nola edo hala berreskuratu nahi nituen.


Boxeetan berriz ere sartu, eta postuari eusten saiatu naiz. Hasieran gogorra izan da, baina oinak lurrean jarrita, uste baino hobeto ibili naiz korrika. Azkenean 6. postuan sartu naiz, eta pozik benetan. Lehen duatloi motza alajaina! Mikel Calvo Urgaziko kide plaentxiarra ere izan da proban, eta gogorra izan dela esan dit.



POSTUA 1.ZATIA 2.ZATIA 3.ZATIA GUZTIRA NOMBRE APELLIDOS
1 0:29:36 1:10:12 0:16:25 1:56:13 RADKA VODICKOVA
2 0:30:02 1:12:25 0:15:33 1:58:00 EVA MARÍA BUSTO VILLOSLADA
3 0:31:56 1:09:19 0:16:51 1:58:06 LEIRE ETXEZARRETA AIERTZA
4 0:31:05 1:12:42 0:16:42 2:00:29 NEREA GAMBRA LOPEZ
5 0:32:17 1:11:02 0:18:38 2:01:57 YOLANDA MAGALLÓN VALLEJO
6 0:31:48 1:13:27 0:16:55 2:02:10 AINHOA LENDINEZ GARATE
7 0:34:35 1:10:44 0:17:07 2:02:26 161 GURUTZE ALTUNA MADINA
8 0:32:48 1:12:25 0:17:26 2:02:39 172 ANA MONREAL VIDAL
9 0:33:21 1:15:44 0:16:51 2:05:56 164 VERONICA DOMINGUEZ VILLAZALA
10 0:31:42 1:18:09 0:16:48 2:06:39 162 NAROA ARRIETA BELTRAN
11 0:32:19 1:17:14 0:17:17 2:06:50 171 CYNTHIA MARTÍNEZ IBERO
12 0:34:10 1:25:53 0:18:01 2:18:04 167 LAURA GARCIA MEJUTO


Beti bezala, nere Josuri eman behar dizkiot nik eskerrak. Sakanako paraje zoragarrian bere bila ibili bainaiz gaur ere, nere urduritasunean lasaitasuna ematen baitit, korrika eta bizikletan!


Sailkapen osoa

1 comentario:

  1. Zorionak txapeldun!
    ondo merezita lortu dozu hau ere, ta ez izan zalantzarik maila hortan ibiltzeko atzetik dauden entrenamendu danak gogoan ditxugula. Animo makina you are the best!!!

    NeRe

    ResponderEliminar